XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1973ko udabarrian erabaki garrantzitsua hartu eban Elizbarrutiak: Radio Popular-eko Uhin Ertainean (Onda Median) erdal programazioagaz jarraitzea, eta Frekuentzia Modulatuan euskal programazioa sartzen hastea.

Honetan eragile zuzena Julian Olazabalaga abadea izan zan, sasoi haretan baserritarren pastoralgintzarako Elizbarrutiko arduraduna.

(Olazabalaga beronek 1969. urtean bere ardurea agertu eban, Bizkaiko herri txikietan euskeraz hasibarri egoan liturgia eratzeko abade asko gai ez zirela ikustean. Derioko Seminarioko irakasleengan aurkitu eban erantzuna: Ander Manterola buru zala hasi ziran lanean. 1970ean I. Derioko Udako Euskal Ikastaroa egingo zan. Irakasleak: Karmelo Etxenagusia, Mikel Zarate eta Lontzo Zugazaga).

Zergatik hasi zan euskal programazioa Bilboko Radio Popularrean? Bizkaiko eleizeak bizi eban giroak bultzatuta dino, zalantzarik gabe, Ander Manterolak.

Giro hori, besteak beste, ondoko honeek eragin eben, Manterolaren arabera:

- Juan XXIII.aren Pacem in terris (1963) enziklikak, Estadu bako hizkuntza gutxituei bizi izateko eta garatzeko eskubidea aitortzen jaken.

Honek arnasa barria emon eutsan euskereari.

Guk Pacem in terris pastoral bat lez irakurten genduan, Euskal Herrirako idatzita izan balitz lez, azaltzen dau Manterolak.

- Vaticano II.a Kontzilioak (1962-65) liturgia ospakizunak (meza, bateoak eta beste sakramentuak), bakoitzak bere hizkuntzan (lengua vernácula) emoteko erabakia hartu eban.

- Euskaldunak egozan ikasleku, konbentu, seminarioetan... 50eko hamarkadako azken urteetan pausu barriak emoten ebilzan: Jakin (Frantziskotarrak), Laiaketan (Pasiotarrak), Arnas (Sakramentinoak), Karmel (Karmeldarrak)...